XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizartea kritikoagoa zen eta ez zitzaion jada interesatzen, ez zientzia-fikzioaren fantasia, ezta superheroiak ere. Ondorioz, 60ko hamarkadara arte genero komikoa izan zen nagusi, gizartea modu inuzente eta eszeptikoan kritikatzen zuen komikia.

Estilo honen adibiderik onenak izan ziren C.M. SCHULZen Charly Brown seriea eta komikiaren eskola europar berria; R. GOSCINNY eta A. UDERZO buru zituen eskola honen ordezkaririk ospetsuena Asterix izan zen.

Komikiaren susperraldia

60ko hamarkadatik aurrera berpiztu egin zen komikia. Merkatu berrietara zabaldu, gai berriak erabiltzen hasi zen eta bigarren heldutasuna bizi izan zuen.

Hiru sorkuntza-estilo nagusi egon ziren: zerrenda komikoak Schultzen eskola jarraitu zuen eta QUINOren Mafalda, J. DAVIESen Garfield eta B. WATTERSONen Calvin eta Hobbes izan zituen ordezkari nagusi; kritika subertsiboa egiten zuten komiki-zerrendak, bestalde, R. CRUMB eta G. SHELTON hasi ziren egiten, biak Comix Underground mugimenduaren inguruan ibiliak; hirugarrena, komiki fantastikoa.

Freak Brothers, Sheltonek sortuak. Underground eskolak komikia ulertzeko modu berria ekarri zuen: formari zegokionean, marrazki ausartak egiten zituzten; gaiari zegokionez, berriz, gizartea gogor kritikatu eta kontrakultura goresten zuten.

Europan, J.C. FOREST eta honek egindako Barbarella, G. CREPAX eta bere Valentina, H. PRATT eta bere Maltako Motza eta beste hainbat egile nabarmendu dira, adibidez, G. PEELAERT, M. MANARA, R. CORBEN, MOEBIUS eta S. LEE.

Aldizkarien eta komiki-elaberrien gorakada ere aipatu beharra dago.

Sorkuntza-gune handiez gain, komiki argentinarraren papera ere azpimarragarria da, estilo fantastikoan.

90eko hamarkadan komiki japoniarrak izan du arrakasta handia Manga izeneko liburuekin; KATSUHIRO OTOMOren estilo gogorra eta honek sortutako Akira pertsonaia nabarmendu dira.

Espainian ere bilakaera paraleloa izan du komikiak. Gerra zibila baino lehen TBO aldizkaria izan zen ezaguna Bartzelonan, estilo inuzente eta komikoan, eta, era berean, Pulgarcito eta Macaco pertsonaiak, besteak beste.

Ondoren, gerraostean, heroiak izan ziren nagusi: M GAGOren Mozorrodun gerraria, Roberto Alcazar eta Pedrín, Jabato edo Trueno kapitaina.

Gaur egungo komiki espainolak arestian aipaturiko hiru estilo horietara eboluzionatu du. Joera fantastiko eta abangoardistari dagokionean, Rambla aldizkaria nabarmendu zen eta, komiki subertsibo iparramerikarraren bide berean, El Vibora.

Euskal Herrira beranduago ailegatu zen komikia aldizkari politikoen eskutik.

Lehenengo pertsonaiak 1918an agertu ziren Euzko Deya-n: Teles eta Niko. Gero beste zenbait sortu ziren, inuzente eta tradizionalak.

Gerraosteko lehenengo urteetan, kalitate handiko komikiak egin ziren Donostian CONSUELO GILen lanari eta bere Chicos, Chicas eta Chiquitos aldizkariei esker.

70eko hamarkadatik aurrera, aldizkari politikoei loturiko komikia agertu zen eta marrazkilari-generazio berri bat sortu zen; hauen artean ezagunena OLARIAGA eta bere Zakilixut izan dira.

Umeentzako aldizkariak izan ziren beste fenomeno garrantzitsua eta azpimarragarriena Ipurbeltz izan zen, eredu bihurtu baitzen.

Egun nazioarteko joera eta bide berdinak ari da jarraitzen euskal komikia, estilo kritikoa duten TMEO, Napartheid edo La comictiva bezalako aldizkariekin.

Argazkigintza

Argazkigintzaren hastapenak

Argazkigintzaren jatorria ganbara iluna izan zen, hots, Antzinatetik ezaguna zen kaxa itxia.

Honek zulo txiki bat zuen alde batean eta kanpoko argia bertatik sartzen zen, kanpoko objektuak kontrako aldean islatuz, alderantzikaturik.

Baina tramankulu honek ez zituen irudiak finkatzen, ezta argazki-kopiak ateratzen ere, beraz, zientziaren aurrerapenaren zain egon behar izan zen (zilar-gatzak belztu ahal izatea argiaren efektuen bidez), argazkiak egiten hasteko.

Hau lortu zuen lehena J.N. NIEPCE (1765-1833) frantsesa izan zen, 1826an egin baitzuen lehen argazkia.

Gero, L. J. M. DAGUERRErekin (1791-1851) elkartu zen; honek asmakizuna eboluzionarazi zuen prozesua sinplifikatuz.

Argazkigintza, beraz, asmatuta zegoen. Lehen garai honetako argazkiak pintura kopiatzera mugatu ziren.